Bigarren fasearen laburpena (martxoa)

Martxoan zehar egin dira “Antzuola eitten” Plan Estrategikoa osatzeko 2.fasearen batzarrak.

Guztira bost batzar egin dira; lehenengoa, herriko eragile ekonomikoekin; bigarrena, herriko elkarteekin; hirugarrena, udal teknikari eta langileekin; laugarrena, zoriz hautatutako herritar talde batekin; eta, bukatzeko, batzar irekia egin da.

Olaran etxean eta Torresoroan egindako batzarretan totalean 118 pertsonak parte hartu dute, 56 emakumek eta 62 gizonek. Gainera, esan daiteke aniztasuna egon dela parte hartzaileen artean, genero eta adin tarteei dagokionez.

Bigarren faseko batzarrak hiru puntu landu dituzte. Hasteko, 2030. urteko Antzuola irudikatzeko saiakera egin da, espektatibak neurtu eta norabidea argitzeko baliatu da. Ondoren, gaur egungo egoeraren analisia egin da herritarren pertzepzioetan oinarriturik, Antzuolak dituen indargune eta ahulguneak identifikatuz. Eta bukatzeko, jorratu beharreko erronkak zein diren zehazteko ariketa egin da.

Lehen balorazioa positiboa da, hainbat gai atera dira, gai batzuk behin eta berriz errepikatu dira  (kirol azpiegitura, herritarren parte hartzea, industria…), eta, batzuk aurretik azterketa kuantitatiboan lortutako datuek baieztatu dituzte (herritarren zahartzea, biztanleria jaitsiera, genero ezberdintasunak…).

Lortutako informazio guztiaren ustiaketa egin ondoren, apirilaren 11an egingo dugun Talde Eragilearen batzarrean Aztikerrek hurrengo faserako proposamena eramango du. Hau da, Lan Ildo estrategikoak zein izan behar duten, eta nola landuko diren, apirila hasieran zehaztuko da.

Antzuola eitteneko hurrengo urratsa, 3.fasea, apirila eta maiatza bitartean burutuko da, eta esan bezala, erabakitako ildo estrategikoetan sakontzeko baliatuko dira batzarrak. Horrela, ildo bakoitzeko bi batzar ireki egingo dira, eta horietan Plan Estrategikoak ildo horretan zein helburu markatuko dituen eta horietara iristeko zein ekintza egin beharko diren landuko da.

Batzar guztietan nahi duen orok parte hartzeko aukera izango du. Gainera, aukera egongo da soilik ildo jakin bateko bi batzarretan parte hartzeko; edo, gogotsu egonez gero, hainbat ildoetako batzarretan ekarpena egiteko. Apirilean argitaratuko dira batzar bakoitzaren data zehatzak.

Akta guztiak hemen ikus daitezke: 2.FASEA

Diseinua eta garapena: TaPuntu

Log in with your credentials

Forgot your details?